Ikerketaren emaitzak

 

Ikerketa honen emaitzak ikusita, esan daiteke Nafarroako erle-populazioak antz handia duela Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban bizi den populazioarekin, nahiz eta honek M8 eta M8' haplotipoen presentzia nabarmenagoa eduki. Haplotipo-banaketa erabat ados dator erlearen kokapen geografikoarekin.

 

A haplotipoen proportzioa oso baxua da, eskualde honetako populazioei tokatzen zaien bezala. Iparraldeko eta hegoaldeko populazioak konparatuz, desberdintasuna ez dago A tipoko haplotipoen banaketan, bai ordea A et M enborren barnean dauden haplotipoen tipoetan. Hegoaldean M8 haplotipoak maizago agertzen dira, Katalunian ohikoak direnak. Gainera ez da ia antzeman hibridaziorik C eboluzio-enborreko erleekin; enbor honetakoak izaki inportatu ohi diren arraza komertzial ezagunenak (A. m. ligustica, A. m. carnica,  Bukfast arraza artifiziala eta abar).

 

Ondorioz, Nafarroako erle-populazioa bere egoera "naturalean" kontserbatu dela esan daiteke, ez dela asko aldatu giza jardueraren eraginez. Erlezainaren gobernatzeko moduak ez du aldaketa handirik eragin erle-populazio naturalean.

 

Azkenik, bertako erlea kontserbatzeko gomendio gisa, gaur egungo populazioak ez du behar gobernaketa artifizialik, edo haplotiporen baten aldeko hautespenik. Gaur egungo haplotipo-banaketa bere horretan aldatu gabe mantentzea litzateke gomendagarriena. Izan ere, hibridaziorik ez edukitzeaz gain, erakusten dituen dibertsitate genetikoa eta banaketa haplotipikoa berez tokatzen zaizkionak baitira.