Instalazio modernoak
Gaur egun, Espainiako beste eskualdeetan ez bezala, Nafarroan gehien erabiltzen den erlauntz mota "Perfección" edo “Langstroth” deitua da, garapen bertikaleko modeloa: leku gehiago behar denean, gorantz handitzen da, altzak gehituz bertan eztia pila dadin. Mendialdean erabiltzen da beste erlauntz laukidun mota bat ere, "Industriala" edo "Dadant" izenekoa, aurrekoaren antzeko neurriak dituena, baina ume-kamera altuagoa duena, eta gorantz espazioa behar denean, altza-erdiak gehitzen zaizkiona.
Horrelako erlauntzekin lor daitezke batez beste 40 kiloko produkzioak, beti ere erlategi ondoko loraldia amaitzean beste leku batzuetara transhumantzia egiten bada. Dena dela, azken urteetan produkzioak kopuru horren oso azpitik geratzen ari dira, batez ere eguraldi txarraren eraginez, eta nekazaritzan botatzen diren produktu fitosanitario ugarien kaltearengatik.
Erlauntz errolda handiago eta profesional gehiago dituzten beste eskualde batzuetan "Layens" da erlauntz mota erabiliena, transhumantziarako aproposa. Baina garapen bertikaleko erlauntzekin konparatuta eragozpenak dituena beste alderdi batzuetan: argizaria berritzeko, ezti-garbiketarako, negurako lekua moldatzeko eta barroa bezalako gaitzen tratamendua egiteko.
Langstroth erlauntzak Oronotzen |