Azkenaldiko eboluzioa

 

1. Erlezaintzaren eboluzioa

Hiru aurrerapen izan dira erlezaintzaren modernizazioa ekarri dutenak:

  • Erlauntz laukidunaren garapena. Abaraskak puskatu gabe erlauntza tratatzeko bidea ematen dute: erleak aldizka barrutik begiratu, erlauntza bitan banatu, argizaria berritu, eta egoera sanitarioa kontrolatu.

  • Argizari-orri estanpatuak. Hexagono-hasiera orrian grabatua dago. Eztigintza asko bizkortzen da, erleek ez dutelako hainbeste argizari egin behar (argizari kilo bat egiteko 10 kilo ezti behar ditu erleak). Gainera erlauntzaren egoera sanitarioa hobetzen da, argizariak berrituz erleen bizilekua garbiago mantentzen baita. Izan ere, argizaria da erlauntzeko egitura nagusia: bertan hazten dira umeak, eta bertan biltzen da polena eta eztia.

  • Eztia ateratzeko makina. Danbor itxurako ontzi bat da, barnean laukiak kokatzeko prestatua, eta biraka egiten duenean abarasketako eztia indar zentrifugoz kanporatzen du. Eztia atera ondore, laukia berriro erabil daiteke, gehienetan.

 

reina marcada
Erreginak markatuz kontrolatzen dira erlezaintza modernoan
 

Hiru puntu hauez gain, gure erkidegoko erlezaintzak ez du beste aurrerapen nabarmenik izan. Hutsune nabariak daude aziendaren hautapenean (ia inork ez baitu egiten), ez da landare aromatiko ezti-emaileen landaketarik egiten, adibidez izpilikuarena; eta erlezain profesional gutxi daude, lanbide horretatik bizimodua ateratzen dutenak.

Herrialde aurreratuagoetan, badira erregina-hazle profesionalak,  haien hautaketan urte asko daramatzatenak, begiratuz zein ezaugarri sustatu: otzantasuna, produktibitatea, umea botatzeko joera txikia eta gaixotasunekiko erresistentzia. Nafarroan oraindik ezer gutxi dago eginda arlo honetan, eta ez  da erlezainen kezka nabaria.

 

 

2. Barroaren eragina

Erlezainen pentsatzeko eta jarduteko modua asko aldatu du Varroa destructor parasitoaren etorrerak, 1985ean. Ordura arte, erlezainen jarduera oso sinplea zen: udaberrian erlekumeak hartu, udazkenean eztia atera. Erleek ez zuten bestelako zaintza berezirik behar. Parasito hau iritsi zenean, milaka erlauntz galdu ziren, ez baitzegoen haren kontrako erremedio jakinik. Erlezainek erlea zaintzeko modu berriak ikasi behar izan zituzten. Handik aurrera, ikastaroak ugaritu ziren, eta erlezain-elkarte berriak sortu.

 

3. Azpimarratzeko datua

Gaur egun Nafarroako eztiarentzat dagoen kalitate-izendapen bakarra  “Alimentos Artesanos de Navarra” / "Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" da. Urteko ezti-produkzioak ez du aukerarik ematen beste kalitate-marka batzuetan pentsatzen hasteko (Jatorri Izendapen Kalifikatua edo Adierazpen Geografiko Babestua)