Etorkizunari begira

 

Oraindik gaur egun erlezaintza ez da abelazkuntzako sektore gisa ikusten, eta administrazio publikoak ahaztuta dauka edo ez du ezagutzen jarduera hori. Izan ere, abelazkuntzako beste sektore batzuekin konparatuz, ustiategien eta profesionalen kopuru oso txikia osatzen du (MAPAren estimazioen arabera, Abelazkuntzako Azken Produkzioan Erlezaintzako sektoreak %0,44 soilik suposatzen du).

 

miel
Nafarroan hainbat ezti-mota produzitzen dira

Nafarroako erlezaintza profesionalaren gaurko egoera kezkagarria da, lehen esandako gabezia larriak dauzkalako. Arazo askoren jatorria sektorearen profesionalizazio eskasean dago, erlezain gehienak afizionatuak baitira, eta hauek ez dute bizimodua erleen irabazietatik ateratzen.

Gure erlezaintzak oraingo gelditasun-egoera gainditzea nahi badugu, ondorengo konpromisoak lortu behar ditugu jarduerarekin zerikusia duten erakunde guztien artean: erlezainak, nekazariak, laborategi farmazeutikoak, ikerketa-zentroak, administrazio publikoa, kontsumitzaileak eta abar.

 

 

Administrazio publikoak:

  • Erroldak egin eta eguneratzea. Datu fidagarriak behar dira arazoei aurre egiteko; hala nola, diru-laguntzen banaketa zuzena, abandonatuta dauden erlategien kontrola, Barroaren aurkako tratamendua obligaziozkoa izatea eta abar.
  • Datu estatistiko errealak lortu eta argitaratzea: produkzioa, inportazio eta esportazio-prezioak, etab.
  • Erle-ustiategien benetako kontrola: deklaratutako erroldak egiaztatu, egoera sanitarioa, animalien ongizatea. Abandonatutako erlategiak desagerrarazteko prozedura martxan jarri, gaixotasunen iturri izan ez daitezen.
  • Diru-laguntzak banatzeko irispideak berrikusi: erlezain profesional onenak saritu, eta ez produkzio eskaseko ustiategi handiak.
  • Erlauntzen Despopulatze Sindromea delakoaren kausak ikertzeko laguntzak bideratzea.
  • Erlauntzen Despopulatze Sindromea deituak eragindako bajak hornitzeko erlekumeentzako diru-laguntzak.
  • Erle beltz iberikoaren (Apis mellifera iberica) selekzioa eta hobekuntza egiteko Zentroak sortzea, horrela erregina hautatuak erlezainen eskura jartzeko.
  • Bertako eztien kalitate-karkak sortu eta indartzeko laguntzak; prezio duin batzuk lortu behar dira, erlezainek beren jardueratik bizimodua atera dezaten.
  • Barazkien eta fruten kasuan egiten den bezala, erlezaintzako produktuetan ere sustapen-kanpainak egitea. Aldi berean, gizarteak ulertu eta bereganatu beharko luke zenbaterainoko garrantzia duten erleek eta zenbateraino diren ezinbestekoak.
  • Ezti-inportazioen kontrol zorrotza. Jatorri eta kalitate zalantzazkoa duten eztien parean bertako eztia bultzatzea.
  • Erle-txorien populazioen ikerketa, ikusteko zenbat kalte eragiten duten erlauntzetan, eta ezartzeko haien konpentsazioa.
  • Erraztasunak eman erlategiak erabilera publikoko mendietan eta udaletako komunaletan ezartzeko.
  • Nekazaritzan erabiltzen diren produktu fitosanitarioen kontrola. Nekazariei diru-laguntzak eman, erleentzat kalte txikiena eragiten duten produktuak erabil ditzaten.

 

Industria farmazeutikoak:

  • Substantzia akarizida berrien ikerketa; eta haiei interesatzen ez bazaie, administrazioaren inplikazioa.
  • Dauden tratamenduen prezioak jaistea.
  • Erleen gaixotasunen tratamenduen ikerketa bultzatzea.

 

Erlezainek:

  • Ustiategien tamaina egokitzea.
  • Profesionalizatzea, erleen emaitzatik bizi, eta ez diru-laguntzetatik.
  • Erlauntzei beharrezko arreta sanitarioa eman. Afizionatuek jakin behar dute profesionalen betebehar berdinak dauzkatela.