Nafarroako Erlezaintzaren historia

 

Europako beste leku askotan bezala, erlezaintza eliz jendeari lotua egon zen luzaro. Nafarroan aitzindari izan zen  León Lacasia y Aspurz, Ustaizeko parrokoa, erlezain tituluduna eta Foru Aldundiko Erlezaintza Eskolako zuzendaria. Bera da Editorial Diocesana argitaletxeak 1945ean argitaratutako  “Guía del Apicultor” liburuaren egilea. Liburuaren sarreran  kontatzen da nola sortu zen aipatu erlezaintzako eskola:

1927ko uztailean Mateo Múgica zen Iruñeko gotzain, eta bisita pastorala egitera joan zen Nafarroako mendialdera. Fede sendoko herri txiki haietan apaiz prestuak, ongi heziak eta betebeharren betetzaile zintzoak zeuden. Herri haietako apaizak maiz aritzen ziren apaiz-etxeko baratzean denbora aprobetxatzen, eta aldi berean beren premiak asetzeko onura ateratzen.

Mateo Mugica
Mateo Mugica Gotzaina
GureGipuzkoa.net | Don Mateo Mugica  
© CC BY-SA : Elósegui Irazusta, Jesús
 

Horrela, uztailaren 17an gotzain jauna Ustaize izeneko herri batera iritsi zen Zaraitzuko ibarrean.

Afarian eztiz egindako postre hain goxoak atera zizkioten, gotzaina harrituta geratu zen. Eta non jakiten duen ezti hura bertako Leon Lacasia parrokoak ateratakoa zela. Apaizak denbora luzez eta lan askorekin eraikitako erlategiko fruitua zen.

 Gotzainak azalpenak eskaturik, Don Leonek erlezaintzari buruzko xehetasunak kontatu zizkion, aditzera emanez Mendialdean horrelako herri txikietako apaizek beste horrenbeste egin zezaketela. 

 

 

Egun hartan bertan Gotzainak Don Leoni kargu berri bat eman zion, haren aitzakiei kasurik egin gabe: aurrerantzean apaiztegian irakatsiko zen ikasgai berri baten, Erlezaintzako ikasgaiaren,  irakasle.

Gotzainak berak azaltzen du izendapen-gutunean, Iruñean 1928ko otsailaren 28a: “Con el fin de que nuestros amados sacerdotes de pequeñas parroquias puedan dedicarse en los ratos libres al cultivo de colmenas, o lo que es igual a la apicultura, decorosa ocupación para los sacerdotes, reportando además de dicha ocupación alguna ganancia que venga en ayuda de las mezquinas asignaciones, venimos a nombrar y nombramos a Vd. profesor de apicultura de nuestro Seminario Conciliar”.

Gotzainak bidalita, Don Leon Madrilera joan zen, gaiari buruz hobeto janzteko,  eta bere maisu paregabea D. Narciso Liñán y Heredia izan zen, Erlezaintzako aditu handia, "La Colmena" aldizkariaren zuzendaria. Handik itzuli zen katedratiko berria, jakintzaz jantzia eta material ugari eta hautatuz hornitua, bere lan berriari ekiteko.

Gotzainak bultzatako ekimenaren berri izan zuen Nafarroako Aldundiak, eta erabaki zen hortik ez zela gotzaindegiarentzat kargarik etorriko.

D. Daniel Nagore Aldundiko ingeniariak egin zituen izapide guztiak, eta hilabete gutxi barru altxatu zen eskola berria Granja Provincial delakoan, eraikin xumea baina praktikoa, beharrezko materiak guztiekin hornitua. Hura izango aurrerantzean Granja Apícola Provincial izenez ezaguna. 1928ko urte berean Don Leon izendatu zuten bertako irakasle.

Doako ikastaroak ematen ziren eskola hartan, ikasi nahi zuen edozein gizarte-klaseko, nahiz adinekoentzat. Urtean bost ikastaro eman izan ziren. Ez zen etenik egon arazo politikoengatik, eta horrela iritsi da gaur arte.

 

 

 

  Daniel Nagore y León Lacasia 1933
 
 
 Daniel Nagore ingeniaria eta Leon Lacasia apaiza (1933)
Informazio-iturria: "Servicios agrícolas y pecuarios de Navarra" (1944), Daniel Nagorek idatzia

Lacasia Guia del Apicultor
 
 Leon Lacasiaren Guía del Apícultor liburuaren azala
Nafarroako Liburutegian dagoen alearen irudia