Gaur egungo egoera

 

1. Sektorearen egoera

Nafarroan, beste erkidego batzuetan ez bezala, erle-ustiategi gehienak afizionatuenak dira; hau da, beste lanbide bat duten pertsonak edo erretiratuak dira, erlauntz-kopuru txiki bat zaintzen dute, erlezaintza gustatzen zaielako: Eta horrela etxerako eztia ateratzen dute, eta inoiz diru-sarrera osagarri bat ere bai.  Horregatik, erlezainen batezbesteko adina handia da, baina azken urteetan nabaria da belaunaldi-txandakatze bat hainbat faktorek eraginda: materialaren modernizazioak (erlauntz-mota, argizari estanpatua erabiltzea, eztia ateratzeko modu berriak eta abar), erlezain-elkarteak, heziketa-ikastaroak, eta naturaren eta produktu osasungarrien interesak.

 

2. Erlezaintzaren garrantzia

Ez zaio bakarrik begiratu behar erlezainak erleetatik atera nahi duen onurari (ia beti eztia ateratzea, bestelako erle-produkzio tipikoak, hala nola, polena, erregina-jelea edo propolia ez direlako ia batere aprobetxatzen gure artean, aipatu dugun profesional-faltagatik); gainera, kontuan izan behar zein garrantzizkoa den ingurune naturalarentzat erleak egotea. Naturazaleek ongi dakitenez, basa landareek, zuhaitzek, fruta-arbolek eta gainerako laboreek polinizazioa ezinbestekoa dute; eta polinizazioa modu askotara gertatzen da:  intsektu polinizatzaileen bidez (hala izaten da gizakiak landutako landare gehienetan), haizearen bidez (bereziki baso-espezieetan), edo uraren bidez (uretako landareak eta landare tropikalak), txorien bidez, eta abar.

 curso apicultura 2curso apicultura 1curso apicultura 3

Apidenak ikastaroak ematen dizkie Erlezaintzan sakondu nahi duten bazkideei

 

Intsektu bidezko polinizazioaren barnean, ezti-erlea da lore-ernalketarako polena eramateko bektore nagusia. Intsektuen polinizazioaren %80 erleek egiten dutela kalkulatzen da; gainerakoa tximeletek, euliek, eta beste zomorroek burutzen dute.

 

Ohikoa da nekazaritzako arlo askotan erleak polinizaziorako erabiltzea: fruta-arbolen gobernuan (arbendolak, gereziak, melokotoi-arbolak, udareak, sagarrondoak...); baina oleaginoso batzuetan ere (koltza, ekilorea), bazka-landare gisa landatzen diren lekadun batzuetan (alpapa, hirusta), baratze-landareetan (azenarioa, tipula, pepinoa, meloia), eta beste zenbait laboretan (kotoia, patxarana...)

 

Guzti hori kontuan izanik, ezin da soilik begiratu alderdi ekonomiko hutsetik, hots, nolako pisua duen erlezaintzako produkzioak nekazaritzako sektoreko azken produktuan; beste galdera bat egin behar da: Zer gertatuko litzaieke gure baso, belardi eta soroei erlerik ez balego? Erantzuna oso erraza da. Gorago esan den bezala, landare-estaldura osatzen duten espezie gehienek  intsektu polinizatzaileak behar dituzte lore-ernalketarako, eta horregatik, erlerik gabe, landaredi gehiena desagertu egingo litzateke. Eta horrekin batera basa faunaren parte handi bat. Hondamendi latza. Ez dago abelazkuntzako beste jarduera bat erlezaintzak hainbateko eragina duenik ingurune naturalaren kontserbazioan eta hobekuntzan, eta paisaiaren zainketan. Gainera, erlezaintzak landa-inguruneko biztanleria mantentzen laguntzen du.

 

Behin batean erlezain bati galdera hau egin zioten: Zein da gizakiaren lagunik onena? Erlea. Haren eztia izan du janari historiaurretik hasita, argizariarekin kandelak argitzeko egiten dira, eta landareetan biltzen duen propolia botikagintzan erabiltzen da. Zer nahi duzu gehiago?

 

3. Ustiategien datuak

Elkarteko ustiategiak: 406 (350ek abelazkuntzako erregistroa dute).

 

Erlezain profesionalak (>150 erlauntz): 17.

 

Erlauntzak Nafarroako lurralde osoan daude banatuta; baina gehienak Lizarra aldean eta Nafarroako Erdialdean daude.

 

4. Azienden datuak

  • Bazkideen erlauntz-kopurua: 13.028 (2009-12-31ko datuak)
  • Erlezain profesionalen erlauntzak: 4.030
  • Ustiategiko erlauntzak batez beste: 32
  • Ustiategi profesionaleko erlauntzak batez beste: 237

Espainia da erlauntz gehien dituen Europako herrialdea, guztira 2,5 milioi erlauntz gutxi gorabera, errolda osoaren %27. Europako erlezainen %6 dago Espainian, baina erlezain profesionaletan kopurua %28ra iristen da.

 

Erlategien banaketari buruz, esan daiteke nahiko modu uniformean daudela barreiatuta lurralde osoan zehar; erlauntz gutxien Erriberan daude, seguruenik hango klima gogorra delako, hango udak oso lehorrak eta beroak izanik ezti-garaia laburra baita. Mendialdean ustiategi txikiak daude; izan ere, terreno hain menditsuan ezin dira erlategi handiak zaindu, ez baitago ez terreno laurik, ezta ere eztigintzarako landareen loraldi handirik. Ustiategi handienak erkidegoko Erdialdeko zonan daude ezarrita.

 

5. Produkzioa

 

Urtea 

 Erlauntz-errolda   Eztia kg   Ezti kg erlauntzako   Argizaria kg
 2001  13.592  155.620  11,5  1.630
 2006  16.803  252.000  15,0  2.587
 2007  17.046  222.000  13,0  2.931
 2008  17.658  300.000  17,0  2.608
 2009  17.719  177.000  10,0  2.720

 

 

 

 

 

Taula. Erlauntzen errolda, eztiaren eta argizariaren produkzioa mende honetako lehen hamarkadan.

 

Ezti gehiena kontsumitzaileari zuzenean salduz komertzializatzen da (salmenta guztiaren %70-80); eta proportzio txiki bat txikizkako merkataritza bidez banatzen da (%20-30). Ez da egiten banaketarik azalera handiko saltokietan.

 

Produzituriko ezti mota, zerbait alda daiteke urte batetik bestera, baina %60 inguru lore anitzekoa izaten da, eta %40 lorebakarra (erromeroa,  ezkaia, akazia, gaztainondoa, basokoa, txilarra).

 

Nafarroako produkzioa Espainiakoaren %1era iristen da soilik; hortik uler daiteke nolakoa den gure lurraldeko erlezaintza.

 

Nafarroako dibertsitate geografikoak (klima kantauriarra eta mediterraneoa, eta bien bitarteko gradazio osoa) eta haren ondoriozko landare-aniztasunak ematen du aukera ezti-mota desberdinak ateratzeko. Horrela, produzitzen dira Mendialdeko ezti lorebakarrak (akazia, gaztainondoa, txilarra), eta  mediterraneo aldeko beste batzuk (erromeroa, ezkaia, izpilikua eta artearen ihintz-eztia). Dena dela, mota bakoitzaren ugaritasuna edo lore anitzekoaren eta lorebakarraren arteko proportzioa urte bakoitzeko eguraldiaren menpe daude. Berdin esan daiteke laboreen uztari buruz: urtean zehar egiten badu euria ongi banatuta, eta tenperatura onak, uzta ugaria izango da. Aldiz, urtean zehar eguraldi desegokia egiten badu (euri gutxiegi edo gehiegi, hotz edo bero handiegiak, etab.) urte horretako ahalegin guztiak alferrik izango dira.