Asiako liztorra (Vespa velutina)

 

Jatorria

Asiako liztorra edo liztor beltza, Vespa velutina, Indiako iparraldekoa eta ziurrekin Asiako hego-ekialdetik etorria, erleentzako etsai arriskutsua da. Erleak eta beste intsektu polinizatzaileak harrapatuz, espezie-dibertsitatea eta nekazaritzako produkzioa (fruta-arbolak) arriskuan jartzen ditu.

 

vespa velutina en interior del nido
   Vespa velutina habiaren barnean

Frantzian azaldu zen 2004an, Bordele inguruan; dirudienez, Txinako Yunnan-dik etorritako merkantzia-ontzi batean iritsi zen.

 

2006 urtean argitaratu zen Frantzian Vespa velutinaren lehen deskribapena; eta 2007an hasi ziren erlezain frantsesen lehen mobilizazioak arazoaren larritasunaz ohartarazteko. Ordurako milaka liztor-habia zeuden Frantziako hego-mendebaldean. Gaur egun herrialde horretako 34 departamendutan dago hedatua. Duela gutxi, 2010ean muga pasatu du eta Gipuzkoan eta Nafarroan identifikatua izan da. Itxuraz, espezie honen jatorria den Asiako hego-ekialdeko baldintza klimatikoak Europako hegoaldekoen atzekoak dira.

 

 

Bizi-zikloa

Zikloa udaberrian hasten da, aurreko udazkenean ernalduak izan ziren erreginak neguko gordelekuetatik (arbola-zuloak, lurreko zirrikituak, etab.) ateratzen direnean, eta habia berria eraikitzen hasten direnean. Erregina bakoitzak habia berri bat hasten du, inoiz ez dira aurreko urteko habiak berrerabiltzen.

 

Erregina fundatzaileen jarduera tenperaturaren eta janari-ugaritasunaren araberakoa izaten da. Normalean otsailean has daiteke, baina habien eraikuntza beranduxeago abiatzen da. Ekainean jaiota egon daiteke langileen lehen belaunaldia. Langileak erregina baino txikiagoak dira. Handik aurrera habia handituz joaten da.

 

nido velutina arbol
   Vespa velutinaren habia arbola-adar batetik zintzilik

Liztor-koloniaren goren puntua irail-urrian izaten da; orduan erregina berriak sortu eta ernalduko dira, hurrengo urterako prest. Liztor-mandoak udaren azken aldera edo udazken hasieran azaltzen dira, eta emeengana erakarriak izaten dira hauen feromona batzuen indarrez, ernalketa gerta dadin.  

 

Erregina-"ama" hil egiten da erregina berriak azaltzen direnean; liztor-mandoak ere hil egiten dira ernalketaren ondoren.Frantziak habien %90 arboletan aurkitu dira; eta %10, berriz, eraikinetan (etxebizitzak, abeltegiak, txabolak, etab.), edo hormetan.

 

Arboletako habiak lurretik 20-30 metrotara egoten dira, eta oso zaila da udaberri-udan haiek aurkitzea, arbolak hostoz estalita daudelako. Frantzian arro hidrografikoekin asoziatu dute habien kokalekua, hau da, zona hezeekin.

 

Aurkitu izan dira habia batzuk 17.000 gelaxkakoak, eta horrek esan nahi du 17.000 liztor habiako eta urteko.

 

Erleei eragindako kaltea

Liztor guztiak dira erleen depredatzaile, baina maila desberdinean, espeziearen eta haren elikatzeko moduaren arabera; baina Vespa velutina erlategien etsai izugarria da.

 

Asiako liztorrak erleak jaten ditu; baina baita euliak, tximeletak, harrak eta bestelako intsektuak ere. Proteina ("haragia") behar du umeak elikatzeko, eta baita gluzidoak ere jarduera indartzeko.

 

Hasieran erregina bera joaten da erlauntzera, umeentzako janari bila; baina ekainetik aurrera, langileak joaten dira lan hori egitera. Erlauntzaren aurrean liztor bat edo bi ikusten badira, kaltea ez da konponezina; baina 10-15 liztor badabiltza erlauntzaren inguruan hegan, erleak ez du iraungo bizirik denbora asko. Egunez hurbiltzen da erlauntzera, eta hegan egiten du 30-40 cm-ra erlauntz aurrean. Lanetik polenez edo nektarrez hornituta datozen erleak ikustean, bizkor eraso eta lurrera botatzen dituzte, eta han burua moztuz hiltzen dituzte. Toraxarekin pasta moduko bat egiten dute, eta hori da umeei eramaten dieten janaria.

 

Liztorrak erlauntz inguruan egotean erleengan estres handia eragiten du, eta ez dira barnera sartzera ausartzen; eta horrek koloniaren despopulatzea dakar. Erlauntz barnera ere sartzen dira, erleak hil, eta larbak nahiz eztia jaten dituzte; azkenean, gainerako erleen erlauntz abandonatzea eraginez.

 

Liztorra kontrolatzeko metodoak

1. Udaberriak erreginak tranpan harrapatzea: Garrantzizkoa da udaberrian erreginentzako tranpak jartzea: han sartzen den erregina bakoitzeko, habia bat gutxiago urte hartan. Otsail azkenetik maiatza bukatu arte, erreginak harrapatzen dira. Tranpa mota bat baino gehiago daude, batzuk dendan erostekoak, eta beste batzuk etxean eginak. Erakargai egokiena garagardoz, ardo zuriz eta fruta-siropez egiten da. Baita ere presta daiteke argizari zaharra pixka batean beratuz.

2. Udan eta udazkenean langileak tranpan harrapatzea: uztailetik irailera, erlauntzen gaineko presioa hain handia izaki, tranpen eragina oso txikia da, liztor gutxi batzuk bakarrik erakartzen dira tranpetara.

3. Udazkenean erreginak tranpan harrapatzea: irail eta urrian habiatik ateratzen diren erregina berri ahalik eta gehienak harrapatzea da helburua. Ez da ezagutzen neurri honen eraginkortasuna.

4. Habiak puskatzea: eskueran dauden habiak, batez ere txikiak direnean, plastikozko poltsa batean sartu eta intsektizidaz hil daitezke liztorrak. Habiak ezin badira erraz hartu, ekipo bereziak behar dira arboletatik erasteko.

 

Nafarroako egoera gaur egun

nido velutina hombre
   Vespa velutinaren habia (Etxalar)

Nafarroan 2010eko udazken-neguan egiaztatu zen liztorraren presentzia, 9 habia aurkitu ziren Etxalar, Oieregi, Baztan, Urdazubin eta Luzaiden.

Hedapena oso bizkorra izan da 2011n, 83 habia kontatuz ondorengo herrietan: Etxalarren 15; Beran 15; Sunbillan 7; Urdazubin 6; Zugarramurdin 5; Bertizaranan 5; Lesakan 4; Legasan 3; Igantzin 3; Elizondon 2; Goizuetan 2; Luzaiden 2; Iruñean 2; Zozaian 1; Endarlatsan 1; Donezteben 1; Almandozen 1; Orabidean 1; Iturenen 1; Arizkunen 1; Lekunberrin 1; Berueten 1; Ariben 1; Atarrabian 1; Torre de Peñan 1.

Gainera egiaztatu da liztorren presentzia Orbara, Olite, Zildotz, Larraiotz, Markalain eta Aratzurin (tranpan harrapatuak, edo erlauntz inguruan hegan edo fruta-arboletan eta loreetan)

 

 

2011n egindakoaren eta jasandakoaren

ondorioak

  • Ez da ezagutzen udaberriko tranpa-jartzearen eraginkortasuna, eta ez dakigu zenbaterainoko eragina duen udako habia-kopuruan.

    trampa velutina
        Liztorrak harrapatzeko tranpa
  •  Udako trapa-jartzea, bera bakarrik, eta inolako beste ekintzarik gabe, ez da aski eraso gogorra jasaten duten erlauntzak babesteko.

  • Udazkeneko tranpak eraginkorragoan dirudite, liztorrak joera gehiago duelako erakargai azukredunak bilatzeko.

  • Tranpa-jartzeak ezin du Vespa velutinaren hedapena frenatu, ezta erlauntzak babestu ere.

  • Oraingoz ekintzarik eraginkorrena habiak puskatzea da, bereziki erregina berriak jaiotzen hasi aurretik (irailetik aurrera); eta oraindik hobe erlauntzen kontrako erasoak hasi aurretik (abuztua baino lehenago). Horrekin bi ondorio lortzen dira:

  • Erregina fundatzaileen kopurua gutxitu; eta ondoriozko habiena.

  • habia horren eragina jasango zuten erleak babestu

  • Baina zaila da modu aktiboak habiak aurkitzea abuztu aurretik.

  • Habiak desegiteko metodo bat baino gehiago daude:

  • Hartutako habiak intsektizidaz tratatuz

  • Eskopeta-tiroz puskatuz habiak (4-5 eskopeta aldi berean)

  • Asiako liztor honen hedapena hain indartsua izanik, ezinezkoa da haren erradikazioa; oso erraz moldatzen baita eta aise kolonizatzen ditu leku berriak.

 

2012rako aurreikuspena

Ez dakigu noraino hedatuko den Vespa velutina, baina seguruenik hegoalderantz joko du lurralde berriak kolonizatuz; ibaien ibilbideari jarraiki (hor baitute ura eta janari nahikoa). Dauzkagun datuen arabera, liztorrak urtean 90 km aurrera egin dezake: Dena dela, liztorrak eta habiak leku urrunagoetan edo ez-ohikoetan ere ikus daitezke, hainbat garraio bidez eramanak. Nafarroan arazo larrienak Bidasoa aldean izango dira, Malerreka, Baztan, Bortziri. Baina Iruñerrian ere azalduko dira habia batzuk. Erriberan ere habia bakan batzuk ager daitezke.

  • Udaberrian habia primario asko azalduko dira giza instalazioetan (teilatuak, balkoiak, terrazak, biltegiak, patioak...)

  • udan eta udazkenean liztor asko ikusiko dira janari-iturri iraunkorra diren lekuetan: zabor-ontziak, feriak, jaiak, taberna-terrazak...

  • 2011rekin parekatuz, Vespa velutinaren habia kopurua hamar aldiz handiagoa izango da.

  • Nafarroako iparraldeko erlauntzen egoera kritikoa izango da, presio izugarria jasango dutelako.

  • Erlezain batzuk utzi egingo dute ofizioa, Akitanian gertatu den bezala.

 

Gomendioak Vespa velutinaren aurkako borrokarako

  • Vespa velutinaren aurkako borrokaren plangintza egingo duen erakunde bat bultzatzea. Partaideak:

  • Nafarroako Gobernuko ordezkariak (Landa Garapena eta Ingurunea)

  • Mendi-guardak

  • Erlezainen ordezkariak (Apidena)

  • Unibertsitateko zientzialariak

  • Suhiltzaileak

  • Ehiztariak (ekintza puntualak)

  • Liztor-habien ezarpenerako erraztasuna eskaintzen duten biotopoak karakterizatzea

  • Vespa velutinak erlauntzari eragindako inpaktua eta kalteak kuantifikatzea

  • Erleak liztorren erasotik babesteko neurriak gomendatzea

  • Habiak modu aktiboan lokalizatzeko metodoak sustatzea

  • Asiako liztorraren populazioa txikiagotzeko metodoak sustatzea

  • Aurkitutako habiak desegiteko protokoloa ezarri (habiak bilatu eta desegiteko ekipoak antolatzea)

  • Su-hiltzaileen parkeetan edo liztorraren erasoa handia den guneetan habiak desegiteko materiala prest eduki (babes-trajeak eta intsektizida aplikatzeko hagak, erlezainen erabil ditzaten.

  • Espezie hau kaltegarri gisa deklaratzea, erleei, fruta-arbolei eta mahastiei kaltea eragiten dielako (Espezie Kanpotar Inbaditzaileen Katalogoan sartzea, 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Ondare Natural eta Biodibertsitateari buruzkoa. III. kapituluan, 61. artikuluan zehazten da aipatu katalogoa, eta han arautzen da bertako espezieentzat mehatxu larria suposatzen duten espezie kanpotar inbaditzaileen katalogoratzea. Gainera, Autonomia Erkidegoak behartzen ditu inbaditzaile izan daitezkeen espezie kanpotarren jarraipena egitera, batez ere beste herrialde edo eskualde batzuetan izaera hori erakutsi duten espezie haiena; eta espezie inbaditzailea kontrolatzeko eta, ahal den neurrian, suntsitzeko estrategiak finkatzera.